Ezaugarriak

Untxia lurrean egiten dituen zulo edo gordelekuetan bizi da. Arriskurik txikiena sumatu orduko, atzeko hankekin lurra jotzen du gainerako kideei abisatzeko. Gordelekuan, hilabeteko ernaldiaren ondoren jaiotzen dira kumeak, larru gorri, amak prestaturiko ilezko habia batean. 20 bat egunez eradoskitzen ditu txikiak. Untxia oso ugalkorra da. Atera kontuak: lauzpabost umaldi izaten ditu urtean eta bakoitzean 2-7 kume egiten ditu. Egun sentian edo iluntzean untxi horiek denak belardietan biltzen dira belarra jatera eta landareetan dagoen ihintza miaztera. Untxiak oso usaimen zolia dauka eta une oro usnan egoten da. Espezie askotako basa untxiak daude. Gizakiak horietako batzuk etxekotu ditu haragia edo larruagatik edo konpainiako animali gisa; XIX. mendeaz gero, laborategietan ere asko erabiltzen da ikerketak egiteko.